Deban XVI. mendeko Andre Mariaren eliza nabarmentzen da, interes handiko elizpearekin eta klaustroarekin. Hiribilduak erromesentzako hiru ospitale ere izan zituen, eta bertako portura bidaiari asko iritsi ziren, Santiagorako oinezko erromesaldia hasteko. Debatik Markinaraino bideak bi aukera eskaintzen dizkigu: bata Astigarribian barrena, eta bestea Mutrikuko Kalbarion barrena. Lehenengo aukera bide tradizionalenari dagokio, baina bigarrenak laburragoa eta malda txikiagoak ditu eta, hortaz, erromes gehienek bigarrena erabiltzen dute. Bi bideak Olatzen elkartzen dira, Bizkaiko mugatik gertu, eta inguru bakarti bat zeharkatu ondoren, Markina-Xemeingo herrira iritsiko gara.