Andre Maria eta San Bizente elizak nahitaez bisitatu behar dira hirian. Era berean, hiriak apostoluaren hainbat tailu ditu San Telmo museoan. Parte Zaharretik irten ondoren, eta Artzain Onaren katedral neogotikotik aldendu gabe, Amara Zaharra auzoan Santiago eliza txikia aurkituko dugu, hiriaren Done Jakue tradizioaren testigantza.
Kontxako Pasealekuan zehar ibilbidearekin jarraituz, pasealekuaren muturrean Miramar Jauregia nabarmentzen da, antzinatik erromes askori aterpea eman zien komentu zahar baten gainean eraikia 1888. urtean. Badia zeharkatu ondoren, bidea Igeldora igotzen da, oraindik bere izaerari eusten dion landa-ingurura. Pista eta bide lasaiak zeharkatuz, Orioko lehen baserrietara iritsiko gara, eta, gero, tarteka harri-zola kontserbatzen duen bide batek San Martin ermita zaharrera eramango gaitu, Orioko hirigune historikoaren atarira.