Hendaian bi modu izango ditugu Bidasoa ibaia zeharkatzeko eta Gipuzkoako lurretan bidea hasteko: lehena, Irunera doan Santiago zubia zeharkatzea da, eta bigarrena, ontziz paseo eder bat eginez Hondarribiara joatea da. Bi hasiera horiek bide bakar batean elkartzen dira pixka bat aurrerago.
Irunera iritsi bezain pronto, Junkaleko Andre Mariaren Eliza nabarmentzen da, izen bereko birjinaren erreplika bat daukana; XII. mendeko arte-lan erromaniko garrantzitsu bat da eta Gipuzkoako zaharrena dela uste da.
Hondarribian harresi-esparrua eta hiribildua ikusmenean hartzen duen Karlos V.aren gotorlekua nabarmentzen dira. Landa-paisaia batetik XVI. mendeko Guadalupeko Santutegira igoko gara, izen bereko gotorlekutik gertu, eta bertan bi aukera emango dizkigun bidegurutze bat aurkituko dugu: Jaizkibelen gailurreko kordaletik igotzea, hainbat dorrek zedarriztatutako bide batean zehar 543 metroko garaierara iritsi arte, edo mendiaren hegoaldeko hegalaren erditik jarraitzea, malda gutxiko bide batetik. Gailurraren amaieratik gertu, bide nagusia Lezora jaisten da, Done Jakue bidearen kostaldeko mugarrira; horren froga dugu Santo Kristoren basilikaren (XVII. mendea) elizpearen ezkerretara harresian kokatutako maskorra. Bide horri jarraiki, laster iritsiko gara Pasai Donibanera.